Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

ZINE KARTELDEGIA (Urtarrilak 17, 19 eta 20))

Kaixo! Asteburu honetan, Herri Antzokiko film-emanaldian, helduen saioan ‘Mula’ filma izango dugu. Ostiralean ingelesez proiektatuko da gaztelerazko azpitituluekin, filma bertsio originalean ikusi nahi lukeenarentzat. Filmak, arazo ekonomikoek behartuta, 80 urterekin nahi gabe droga garraiolari bihurtu den gizon baten istorioa kontatzen du, benetako gertaera batean oinarrituta dagoena. Haurren saioan bestalde, ‘Ausarki yeti dibertigarria’ (Small foot) izango dugu euskaraz. Film honetan, yetien herrixka elurtu bat ezagutuko dugu, baita yeti bizkor baten azken aurkikuntza ere: gizaki bat. Gustuko izango dituzuelakoan, Ondo pasa asteburua!

zine karteldegia (urtarrilak 10, 11 eta 13)

Kaixo! Urte berriari hasiera emanez, asteburu honetako herri antzokiko film-emanaldian helduen saioan `Vitoria, 3 de marzo´ filma izango dugu. Franco diktadorea hil ondoren, krisi ekonomiko eta ziurgabetasun politiko giroan, 1976 urte hasieran Gasteizen greba orokorra deitu zen. San Francisco elizan ehunka pertsona elkartu ziren euren eskubideen alde borrokatzeko, horien artean Begoña, film honetako protagonista. Haurren film emanaldian berriz, `Dragon ball super broly´ animazio filma izango dugu euskaraz. Gokuk beste unibertso batzuetan oraindik ikusi ez dituen izaki ikaragarri indartsuak daudela jakin du eta entrenatzen jarraitzea erabaki du orain den baino indartsuagoa izateko asmoz. Gustuko izango dituzuelakoan, Ondo pasa asteburua!

Gabonetako telebista saio berezia egin da Ataun Irratian

Urtero berazala, gabonei gure ukitu berezia eman nahi izan diegu Ataun Irratian. Trikitilariak, abesbatza, Olentzero eta baita Mari Domingi ere gurean izan dira aurtengoan. Ioar Aizpuruak aurkeztuta, gabon hauen sekreturik garrantzitsuena ezagutuko duzu saioan zehar. Zorionak eta eguberrion!

Urtero legez, gabonetako telebista saioa grabatzen ibili gara azken asteetan Ataun Irratiko lankideok. Oraingo honetan, Azkoitiako Beñat Landa eta Imanol Arizmendi bikotearen bisita jasotzeko aukera izan dugu, trikiti eta pandero doinuekin gaua alaitzeko. Ataungo EATE abesbatzako kideek ere, ekarpen berezi eta dotorea egin digute kantaturiko piezekin. Baina ez ditugu ahaztu saioko gonbidaturik berezienak ere. Aurten Aia auzoan izan dira Olentzero eta Mari Domingi herritarrek eginiko ongi etorrian eta bertatik gurera ekarri ditugu urtearen inguruko kontu guztiak ezagutu ditzagun. Hau guztia, Ioar Aizpuruak aurkeztu du aurtengoan eta irratiko lantaldearen, parte hartzaileen nahiz Ataungo Udalaren laguntza eskertzekoak izan dira. Ikusi nahi baldin baduzu, sakatu hemen!

2020ko AURREKONTUA-APARKALEKUAK-GIMNASIO ETA BOULDERRA-TXITU IKASTAROA-OLENTZERO ETA MARIDOMINGI-AGENDA-TRASTE ZAHARRAK-UDAL AKORDIOA

ONARTU DUGU 2020KO AURREKONTUA

Abenduaren 19ko Osoko Bilkuran aho batez onartu genuen 2020ko aurrekontua, guztira 1.941.691 eurokoa. Horietatik 332.500 euro inbertsio errealetarako izango dira, eta hor sartuta daude, besteak beste, kirol anitzeko pista, Olaldeko urbanizazioa, kale argiteria, Aiako parkea eta plaza txukuntzeko lanak,  Kaxio ibilbidea mantentzeko eta berritzeko lanak, eta bi taldeon artean adostu dugun akordioa gauzatzen hasteko kontu-sail bat.

 

Ohiko zergetan KPIa (% 0,8) igotzea erabaki dugu. Izan ere, Udalak dituen gasturik gehienetan ere igoera hori bera izango da, eta soberan geratzen den dirua herrian hobekuntzak egiteko erabiliko da.

 

Bestalde, ibilgailu historikoak zerga ordaintzetik salbuestea erabaki dugu. Ibilgailu historikotzat hartzen dira 25 urtetik gorako autoak. Zerga ordaintzetik salbuesteko, ordea, eskatu egin beharko da; eskaera egin eta hurrengo urtetik aurrera izango ditu ondorioak. Beraz, abenduaren 31 baino lehen eskatu beharko da 2020an salbuetsia izateko. Horrez gain, hiru baldintza hauek bete beharko dira:

 

- Ibilgailuaren  titularrak udalerri honetan erroldatuta egon beharko du.

- Hobaria aplikatzeko, nahitaezkoa izango da zergen ordainketan egunean egotea.

- Jabe beraren ibilgailu bakarrari aplikatuko zaio hobaria.

APARKATU ONDO ETA IBILI LASAI!

Autoa uzteko leku faltarik ez daukagu, baina, hala ere, askotan behar ez den lekuan edo behar ez bezala uzten dugu. San Martingo plaza, esate baterako, noiznahi egoten da autoz beteta, eta noiznahi agertzen dira galtzada-harriak eta piloiak puskatuta. Lurpeko aparkalekuan, berriz, tarifa oso merkea izan arren, batzuek ez dute ordaintzen, eta erreserbaturiko lekuetan uzten dute ibilgailua zenbaitetan. Hori guztia bideratze aldera, behartuta gaude neurri hauek hartzera eta zaintza zorroztera:

 

1.- Plazako aparkalekua zamalanetarako eta erosketak egiteko bakarrik erabili ahal izango, eta, hortaz, gehienez 30 minuturako utzi ahal izango da ibilgailua.

2.-  Gauean ezingo da aparkatu.

3.- Lurpeko aparkalekuan ezingo da erreserbatutako lekuetan aparkatu, eta tiketa jarri beharko da.   

 GABILLENEKO APARKALEKUA

Gabilleneko aparkalekuan erreserbatuta dauden lekuak umeak uztera eta jasotzera doazenek erabiltzeko dira. Hortaz,  gehienez ere 5-10 minutu utzi ahal izango da ibilgailua.

GIMNASIOKO ETA BOULDER GELAKO BAZKIDETZA BERRITZEA

Gimnasioko eta Boulder gelako giltzak abenduaren 31n baliogabetuta geratuko direnez, urtarriletik aurrera zerbitzuak erabiltzen jarraitu nahi baduzue, ordainketa egin eta agiria udaletxera ekarri behar duzue, eta giltza hemen aktibatuko dizuegu.   Hauek dira prezioak:

Gimnasioa:  Hilabetea 10 €

           Urtea 60 €

Boulder gela:  Urtea 15 €

Txartel familiarra: Urtea 100 € ( Boulder gela barne )

Oharra: Familia txartelaren onuradun izateko, etxebizitza berean erroldatuta egotea nahitaezkoa izango da.

Giltza bakoitza: 10 €  (giltza itzultzean bueltatu egiten da dirua)

Kontu-zenbaki honetan egin behar da ordainketa: 2095 5026 87 1060153888 (Kutxababank).

TXISTUA JOTZEN IKASI NAHI DUZU?

Ataungo Udalak txistu-ikastaroa antolatuko du 2020an. Interesa baldin baduzu, idatzi mezua E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera edo bidali Whatsappa 616758758 telefono-zenbakira urtarrilaren 7a baino lehen. Izena ematen duzuenokin bilera egingo dugu urtarrilean, eta han emango ditugu argibideak.

OLENTZERO ETA MARI DOMINGI AIAN

Aurten Aiako Erroipen izango da Olentzero eta Mari Domingiren ongietorria, abenduaren 24an, 18:30ean. Joan behar duzuenok, mesedez, Kaxetatik igo; bestela, trafikoan gorabeherak sortzen dira eta. Ekitaldia bukatu ondoren, nahi izanez gero, Urkillagatik ere jaitsi daiteke.

GORDE EGUN HAUEK AGENDAN

Badator 2020. urtea, eta dagoeneko baditugu hitzordu batzuk. Aurrerago jakinaraziko ditugu xehetasun gehiago, baina, nahi baduzue, gorde agendan egun hauek: 

 

- Urtarrilak 18: Emakumeen Master Cup, binakako txapelketa, Ataunen hasiko da.

- Urtarrilak 26, Zaldi urdina antzezlana.

- Otsailak 28, Kaffka antzezlana.

TAMAINA HANDIKO TRASTE ZAHARRAK ATERATZEKO EGUTEGIA

Zer atera daiteke?Altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak (garbigailuak, hozkailuak,

ordenagailuak, telebistak…) eta tamaina handiko bestelako traste erabilezinak…

 

Ez dira atera behar… Eskonbroak eta obretako bestelako hondarrak (tarima, bainuontzi, komunontzi, baldosa, azuleju…)

· Gurpilak, egurrezko paletak, arropa...

· Kristalak, ispiluak, eta objektu ebakitzaileak

· Hondakin arriskutsuak (bateriak, fluoreszenteak, pinturak…).

 Inausketa-hondarrak (adarrak…) Beasaingo garbigunean hartzen dira soilik.

 

ZINE KARTELDEGIA: Abenduak 20 eta 22

Kaixo! Asteburu honetan, Herri Antzokiko film-emanaldian, helduen saioan ‘Bohemian Rhapsody’ filma izango dugu. Ostiralean ingelesez proiektatuko da gaztelerazko azpitituluekin, filma bertsio originalean ikusi nahi lukeenarentzat. Filmak, Freddie Mercuryren eta Queen bandaren bilakaera azaltzen du, baita Live Aid kontzertua ospatu arte bizitako istorio hunkigarria ere. Haurren saioan bestalde, ikusleek proposatutako film bat izango dugu: ‘Charlie y la fábrica de chocolate’ gazteleraz. Film honek, familia txiroa duen Charlie mutikoaren abentura kontatzen du, Willy Wonkaren txokolate-lantegian 5 haur zortedunekin batera biziko duena. Hurrengo emanaldia urtarrilaren 10ean izango da. Gustuko izango dituzuelakoan, Ondo pasa gabonak!

Euskararen eguna Gaztelekuan

ZINE KARTELDEGIA (Abenduak 6, 8 eta 9)

Kaixo! Asteburu honetan, Herri Antzokiko zine-emanaldian, helduen saioan ‘Bajo el mismo techo’ komedia filma izango dugu. Filmaren protagonistak, dibortziatu ondoren hipotekak bizikideratzara behartzen duen bikotea dira. Honela, Nadia eta Adriánek gerra deklaratuko diote elkarri. Haurren film emanaldian bestalde, ‘Mascotas 2’ izango dugu: Max-en jabeak ezkondu eta semea izan du, aldaketa handiak dira horiek gure txakur gogokoenarentzat, nola jokatuko du Maxek egoera horiek aurrean? Gustuko izango dituzuelakoan, Ondo pasa asteburua!

EUSKARAREN EGUNA 2019

Ataunen esuakaraz bizi gara? Euskaraz bizi nahi dugu?

Gaiaz hausnartu eta Ataunen euskaraz bizitzen jarraitzeko egin beharrekoak zehazten saiatuko gara asteartean, abenduak 3, 19:00etatik 20:00etara, udaletxean.

ZINE KARTELDEGIA: Abenduak 1 eta 2

Kaixo! Asteburu honetan, Herri Antzokiko helduen film emanaldian, memoria historiarekin uztartuz, ‘El silencio de otros’ dokumentala izango da. Frankismo garaian desagertutako pertsonen bilaketa eta erantzuleei aurre egiteko saiakerak kontatzen dituen filma. Haurren saioan bestalde ‘Asterix: Edabe magikoaren sekretua’ izango dugu euskaraz. Film honetan, Asterixek eta Obelixek Panoramix druida zaharrari bere ordezkoa izan litekeen gaztea aurkitzen lagunduko diote Galia osoan zehar. Gustuko izango dituzuelakoan, Ondo pasa asteburua!

AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA

Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna

 

ATAUN: INDARKERIARIK GABEKO BIZITZEN ALDE

Bizitza libre, bizigarri eta alaiak izateko eskubidea daukagu guztiok, indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea, errespetuan oinarrituta, emakumeon esku ere badagoelako bizi garen  sistema-kultural honetan eragitea.

Azaroak 25 honetan, emakumeen kontra egiten den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela salatu nahi dugu. Gure herrian ez dugu bakerik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen duten bitartean. Horregatik, Ataun indarkeria matxistarik gabeko gune izateko ardura hartu dugu, emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpideren aurrean irmo erantzunez. Erailketa matxisten aurrean erantzutearekin batera erantzun behar diegu erailketa hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria  mota guztiei, gure egunerokoan,  jendartearen onarpen zabala izaten jarraitzen dutenak eta normalizatuak mantentzen direnak. Emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko erabiltzen diren umiliazioen, tratu txarren edota irainen bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.

Baina ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitea, guztion ardura ere bada. Denon erantzukizuna da, bakoitzaren eragin-eremutik, indarkeria matxistarekin amaitzea: erakunde publiko, hezkuntza-eragile, kultur-eragile eta herri-eragileena. Gutako bakoitzarena, familiena eta lagun kuadrillena.

Gu denon ardura da, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitzak bizi ditzaten lan egitea. Bizitza libre, bizigarri eta alaiak.

 

Ataungo EH Bildu

Ataungo EAJ

Jentilbaratza Kultur Elkartea

Otsoak Dantza Taldea

Torto Ataungo Gazte Asanblada

Biboletak Ataungo Emakumeen Taldea

Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxea

Agauntza Guraso Elkartea

Atsedentoki Jubilatuen Elkartea

Barandiaran Museoa

Otsotarrak Kontsumo Elkartea

EGITARAUA

Azaroaren 22a, ostirala:

Joxemiel Barandiaran herri-ikastetxean, 15:30etik 16:00etara: 

  • Gela bakoitzak egin duen leloa aldarrikatu eta ikasleen bertsoak abestu.
  • Guraso Elkartearen adierazpena irakurri.

 

 

Asteburuan zehar:

Gaztelekuan emakumeen aurkako indarkeriari lotutako dinamikak egingo dituzte.

Herri Antzokian Helena Tabernaren Nagore filma emango da, Biboletak taldeak antolatuta.

 

Azaroaren 25a, astelehena:       

 

San Martingo plazan,18:30ean (eguraldi txarra bada, Kalustran)

  • Indarkeria jasan duten Ataungo emakumeen testigantzak.
  • Otsoak Dantza Taldearen eta Jentilbaratza Kultur Elkartearen dantza-ikuskizuna.
  • Ataungo elkarteek eta eragile politikoek adostutako adierazpena irakurri.

 Antolatzailea:

Ataungo Udaleko Berdintasun Batzordea