Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

MARTXOAK 22,24,25 ZINE KARTELDEGIA

Kaixo,

Asteburu honetan Haurren saioan ‘Dixie eta matxinada zonbia’ izango dugu, euskaraz, Dixie gaztea Nigreda maltzurraren matxinadari aurre egiten.

Helduen saioan, aurreko astean aurreratu bezala bi dokumental izango ditugu aste honetan: ‘Erraiak’ eta ‘Taming winter’. Lazkaon proiektatu zituzten eta amaieran irrintziz betez aretoa. Ea Ataunen ere gustoko dituzuen!

ERRAIAK:

Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna.

Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dugu. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?

Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?

Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Euskal kulturaren sakontze ariketa paregabea.

 TAMING WINTER:

Andrea Arena eta Nicola Imoli italiarrek zuzendutako lana da Taming Winter, eta Europako hainbat inauterik hartzarekin eta neguarekin duten lotura aztertzen du. Urbiano Hartza (Italia), Sardiniako Mamuthoneak, Bruneck-eko Krampusa (Hego Tirol) eta Ituren eta Zubietako joaldunak agertzen dira, besteak beste, dokumentalean. Hainbat adituren azalpenak eta tokian tokiko testigantzak ere jaso dituzte.

 

Ondo pasa asteburua!