Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

ARALAR. Neolitotik erromatar garaira

Igaratzako Historiaurreko altxorrak ezagutzeko ibilaldi gidatua Jose Antonio Mujikarekin. Neolitotik erromatar garaira.

Gutxi dira Gipuzkoan Aralar bezalako tokiak eta are gutxiago Igaratza bezalako bazterrak. Paisaia hunkigarriaz gainera, bisitariak aziendaren zintzarriek onduriko doinuaz goza dezake han; hitz bitan, bakea senti daitekeen txoko urri horietakoa da Igaratza, hiri-eremutik gertu, baina, era berean, oso urruti dagoen paradisu txiki bat.

2012. urtetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Jose Antonio Mujika irakasleak zuzenduriko ikerketa-taldeak, miaketa lanaren ondorioz Igaratzan idorotako zenbait elementutan nahiz lehendik (batez ere Barandiaranen lanari esker) ezagutzen ziren beste egitura batzuetan arkeologikoki esku hartu du, behin baino gehiagotan emaitza harrigarriak lortuz, Beaskinarte eta Aiatzio izeneko guneetan egindako aurkikuntzak lekuko.

Lehendik ezagutzen ziren altxorrak hobe ulertzen laguntzeko eta, bereziki, berriki aurkitu direnak aurkezteko, ibilaldi gidatua antolatu dugu Aralarko Parketxetik Igaratzara irailaren 30ean (igandearekin), Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean antolatu ere.

Aurrez izena eman beharko da eta plazak mugatuak izango dira.