Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

ATAUNGO ELKARTEEI DIRULAGUNTZA

ATAUNGO UDALA

HERRIKO ELKARTEEI, KULTUR ETA KIROL EKIMENAK GAUZATZEKO DIRU LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA.

 

  • Xedea.

Deialdi honen xedea da Ataunen irabazi asmorik gabeko elkarteei urteko ekintzak finantzatzeko diru laguntzak emateko arauak onartzea.

  • Onuradunak.

Diru laguntza hauek jaso ahal izango dituzte kultur eta kirol ekintzak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteek, egoitza eta jarduteko esparrua Ataunen dituztenak.

Erregistro publikoan inskribaturik egoteaz gainera, deialdi honen oinarri orokorren 4 artikuluan eskatutako baldintzak bete beharko dituzte onuradunek.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira:

  • Beren izaera eta helburuak Ataungo Udaleko kultura sailaren ardurapekoak diren eremuekin lotura zuzenik ez dutenak.
  • Bere izaera eta helburuagatik Udalaren beste diru laguntza programa batean sar daitezkeen proiektuak edo ekintzak.
  • Elkarteek Udalarekin dituzten betebeharrak egunean ez dituztenak.

 

 

  • Eskaerak izapidetzeko administrazio unitate eskuduna.

Kulturaz arduratzen den Udaleko sailak izapidetuko ditu eskabideak.

 

 

  • Eskaerak onartzeko betebeharrak eta emango diren laguntzak.

a) Sartutako urteko otsailaren 20rako eskaerak behar bezala eginak behar dute Udalean.

Hauek dira eskaerak egiteko bete beharrak;

1º Eskaerak idatziz egingo dira Udalean, agiriari sarrera emanaz edo Internet bitartez horretarako egokitutako eranskinak beteaz.

2º Elkarte bakoitzak egin nahi duen ekimenaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, bakoitzaren aurrekontua azaldu beharko du, baita, Udalaren laguntzaz gainera jaso asmo dituen laguntzen berri ere.

3º Ekimenaren gutxi gora beherako data zehaztu beharko da.

 

4º Ekimen bakoitzaren helburua, espero den jende mota, eta bestelako xehetasunak agertuko diren memoria bete beharko da.

 

5º Ekimen guztietan parekidetasuna bermatu beharko da, baita euskararen erabilera ziurtatu eta kontsumo arduratsu bat izango dela garantizatu.

5.1  Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna, maila guztietan. Hitzez, ekitez,  ardura banaketetan, parte hartze orekatuan,jarreraz, …

5.2 Euskara beste hizkuntzarik ez da erabiliko. Salbuespenak salbu.

5.3 Kontsumo arduratsua eta ingurumenarekin arduradun jokatuko duena. Honetaz gain, ahalik eta zabor gutxiena sortu, behar beste berrerabili eta aukera guztietan birziklapena egiteko ardura izango du. ( baso eta plater berrerabilgarriak erabili, jarritako kartelak kendu…).

 

b)Kultura batzordean aztertu eta Udal batzordean onartu ondoren, onartutako ekimen bakoitzaren aurrekontuaren %40a emango zaio elkarte antolatzaileari.

Kirol ekimen bat denean laguntza aurrekontuaren %30 izango delarik.

 

c) Elkarte bakoitzak gehienez, zazpi ekintza edo 6000 €ko aurrekontua aurkeztu dezake.

 

d) Ekimena deitzeko egiten den kartel, propaganda zein hitzezko edo idatzizko, sare sozialetako zabalkunde edo dena delakoetan, Ataungo Udalaren laguntza jaso duela agertu beharko da. Udalaren armarria erabiliz.

 

e) Antolatzen  diren ekintzetan, elkar ez oztopatzea.

Talde eta elkarteen arteko koordinazioa bultzatu behar da eta elkarren lana ezingo da oztopatu.

  • Ordainketak egiteko modu eta epeak.

Onartutako ekimenak, sartutako urteko maiatzean, onartu den laguntzaren %60a jasoko du, beste %40a justifikazioak egindakoan jasoko duelarik.

 

  • Justifikazioak egiteko epe eta betebeharrak.
    • Azarora bitarteko ekimenak, urte bereko azaroaren 20rako justifikatu beharko dira. Azaroan eta abenduan buruturiko ekimenei epea hurrengo urteko urtarrilaren 20ra arte luzatuko zaie.

 

  • Justifikazioetan aurkeztu beharrekoak ondokoak dira;

 

1º  Ekimenaren memoria zehatza, partaide kopurua eta zein motetakoa izan den, haurrak,  helduak, emakumezkoak, gizonezkoak….

 

2º Ekimenaren gastuak argituko dituen dokumentazioa. Fakturak ez diren kasuan agiri sinatuak eta egiaztatuak beharko dira, eta ekimena burutu dela agertzen duten dokumentu grafikoak.

 

3º Udalak emandako laguntzaz gainera beste entitate edo enpresa batek emandako laguntzak zehatz azaldu beharko dira, hau da ekimen bakoitzak izan dituen diru sarrera guztiak agertu behar dira. Laguntzaile bakoitzak eman duen kopurua zenbatekoa den zehazten duen kutxako sarrera agiriak aurkeztu beharko dira. Enpresa batek urteko ekimen guztietarako kopuru jakin bat ematen duen kasuan, kantitatea, egin diren ekimenen artean banatuko da, bakoitzari kopuru berdina ezarriaz.

 

4º Jaso diren laguntzen batuketak eta Udalak eskainitakoak ekimenaren gastu orokorra gainditzen duen kasuan, gastua osatu arte bakarrik ordainduko da, inoiz ez da gastua baino laguntza handiagorik emango.

 

  • Diru laguntza eman eta %60ko aurrerapena jasota, arrazoi bat edo beste dela medio, egin gabe geratu den ekimenari dagokion kopurua itzultzeko onuraduna eta Udalaren artean adostuko da noiz eta nola egin.

 

  • Egin gabe geratu diren ekimenei dagokien dirua, Udalak erabakiko du nola erabili, beti ere kultura sustatzeko izango delarik.

 

  • Ekimen jakin bat hiru urtez jarraian egin gabe geratzen bada, laugarrenez aurkezterik ez du izango.

 

  • Aurrekontuak.

Ataungo Udalak urteko aurrekontuetan, zeregin honetarako  25.000 € izendatuko ditu.

Aurreko atalean agertzen den bezala, gastatzen ez den kopurua Udalak erabakiko du zertan erabili, beti ere kultura sustatzen izango delarik.

  • Oharrak.

-  Agiri honetan zehazten ez den eta sortu litezkeen egoera berrien aurrean erabakia Udalak bakarrik hartu dezake.

 

-  Bestalde, Herriko Elkarte bakoitzak, Azaroan memoriarekin batera aurkeztu behar dituen dokumentuak ondokoak dira:

1. Eskabidea

2. Lege-ordezkariaren NANren fotokopia.

3. Elkarte eskatzailearen IFZ txartelaren fotokopia.

4. Elkarte eskatzaileak zerga betebeharrak (udal zergak, foru ogasunen zergak)

5. Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean ordainduta edukitzea.

 

 

Ataunen, 2017ko Urtarrilaren 26an