Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

BANDOA: UDAL BATZORDEAK-LUR AZPIKO APARKALEKUA-ZABORRA-JOXEMARTIN APALATEGI BEGIRISTAIN BEKA- EGUR LOTEA

UDAL BATZORDEAK ERATZEA

Legealdi berriari ekin diogun honetan, batzordeak osatu behar ditugu arloz arlo. Ohi bezala, herritar guztiok gonbidatuta zaudete parte hartzera.

Arloak honela banatzea erabaki dugu, eta litekeena da, premien arabera,   lantalde bat baino gehiago eratu behar izatea batzorde berean:

- Ogasuna: Martin Aramendi.

- Hirigintza eta Turismoa: Aitor Sukia.

- Kultura, Euskara eta Berdintasuna: Irati Arratibel.

- Gizarte ongizatea, parte hartzea eta kirola: Maider Urdangarin.

- Ingurumena, nekazaritza eta abeltzaintza: Naiara Munduate.

Batzorderen batean parte hartu nahi baduzu, deitu Udal bulegoetara  eta eman izena ( 943180011; E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ). Izen-abizenez gain, adierazi zein batzordetan parte hartu nahi duzun, eta eman zure telefonoa, posta elektronikoa.  IRAILAREN 15a baino lehen eman behar da. Dena dela, batzorde irekiak dira eta noiznahi dago aukera izena eman eta parte hartzen hasteko.

Animatu eta parte hartu, denon artean errazago eta hobeto erantzungo diegu-eta Ataunek dituen premiei.

 

LUR AZPIKO APARKALEKUKO ZOZKETA

San Martingo lur azpiko aparkalekuan urtero egiten da zozketa urte osorako aparkatzeko lekua hartu nahi duten herritarren artean.  Uztailaren 26a baino lehen eman behar duzue izena, Udaletxean. Zozketa uztailaren 29an (astelehena)  egingo da, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.

ZABORRAREKIN KEZKATUTA 

Herritar askok jo duzue udaletxera azken asteotan, zaborrarekin gertatzen ari denaz kezkatuta. Ez da harritzekoa, lotsagarria baita herriko zenbait gune eta Agauntza erreka nola egoten diren ikustea. Gure programa aurkezteko eta osatzeko egin genituen bileretan jaso genuen bereziki landu beharreko gaia dela, eta lantalde bat sortu beharra dagoela, arazoa sakon aztertzeko, neurri eragingarriak hartzeko eta oraindik sentsibilizatu ez diren haiek sentsibilizatzen saiatzeko. Badakigu gehienok baduzuela kontzientzia eta zintzo betetzen dituzuela arauak, eta hori erakusten dute Sasieta Mankokunitatearen datuek ere. Onartezina da, ordea, gune jakin batzuetan pertsona jakin batzuk izaten ari diren jokabidea. Hori dela eta,  neurri batzuk lehenbailehen hartzeko asmoa dugu, ezin gara lantaldea osatu zain eta lanean hasi zain egon. Ezinbestekoa ikusten dugu zaintza-lanak zorroztea. Herritar guztion ardura da herria txukun izatea, eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da ahalik eta zaborrik gutxien sortzea, eta sortzen duguna behar bezala sailkatu eta dagokion lekura botatzea.

Gogoratu, traste zaharrak hileko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan atera behar izaten direla eta Sasietara deitu behar dela bezperan, horren berri emateko.

Zaindu dezagun ingurua, errespeta ditzagun ingurukoak, eta ez dezagun engaina geure burua!        

JOXEMARTIN APALATEGI BEGIRISTAIN BEKA

Ataungo Udalak antolatzen duen Joxemartin Apalategi Begiristain beka irabazi dute Miren Aranguren eta Jone Arrazola ikerlariek. “Bizitzak erdigunean. Ataungo zaintzaileen genealogia feminista (1950-2020)” izeneko proiektuak 10.000 euroko dirulaguntza izan du, eta urte eta erdi izango dute lana osatzeko.

EGUR LOTEA ESKATZEKO AUKERA

Azken egunotan hainbat herritar etorri zaigu galdezka udaletxera, egur lotea eskatzeko aukerarik izango ote den. Gipuzkoako Foru Aldundiak du herri onurako mendiak kudeatzeko ardura, eta haiekin hitz egin ondoren, deialdi zabala egitea erabaki dugu. Hauek  dira baldintzak lotea  eskatu ahal izateko:

- Ataunen erroldatuta egon.

- Kamioia ezingo da herritik kanpora atera.

- Etxebizitza bakoitzean lote bakarra eskatu ahal izango da.

- 580 euro ordaindu beharko da.

- Eskaera egiteko azken eguna: uztailak 26

Lotea bakoitza 15 tonakoa izango da gutxi gorabehera, eta prezioan sartuta daude bai etxera eramatea bai mendi-bideak zaintzeko ekarpena.