Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

BANDOA: HAUTESKUDE ORROKORRETAN PUBLIZITATERIK EZ JASOTZEKO AUKERA-LIBURUTEGIA BERRIRO ZABALIK-BANDOAK POSTA ELEKTRONIKOZ JASO NHAI?-KLIMA ALDAKETAREN AURKA KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO MOZIOA

HAUTESKUNDE OROKORRETAN PUBLIZITATERIK EZ JASOTZEKO AUKERA

Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak izango ditugu berriro azaroaren 10ean. Azken hauteskunde orokorretan alderdi politikoek publizitatean zer-nolako dirutza gastatu zuten ikusita (140 milioi euro), eta propagandarik etxean ez jasotzeko eskubidea daukagunez, hori gauzatzeko aukera eman nahi dizuegu.

Hortaz, etxean ez baduzu inolako hauteskunde-propagandarik jaso nahi, Udaletxean inprimaki bat bete eta sinatu behar duzu. Horretako azken eguna: urriak 7.

Udalak  INEra bidaliko du sinatutako inprimakia, eta zure izena ezabatuko dute alderdi politikoei propaganda egiteko bidaltzen zaizkien erroldetatik.

Eskubide hau gauzatzeak ez du bestelako ondoriorik izango; hautesle- mahaietan egoten diren boto-paperak hartu eta berdin-berdin bozkatu ahal izango da.

LIBURUTEGIA BERRIRO ZABALIK

Liburutegia zabalik daukagu berriro. Lokala itxita egon den bitartean zerbitzuak etenik izan ez badu ere, aurrerantzean lokala zabalik izango da, eta oraingoz ohiko ordutegiarekin jarraituko dugu:

astelehenetik ostiralera, 17:00-19:00

BANDOAK POSTA ELEKTRONIKOZ JASO NAHI?

Udalak plazaratzen dituen bandoak eta gainerako informazioa posta elektroniko bidez jaso nahi badituzu, bidali mezu bat helbide honetara: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Horrez gain, sare sozialak ere baliatu nahi ditugu (Instagram: Ataungo_Udala  eta Twitter: @Ataungo_Udala) eta laster whatsapp bidez ere aukera izango duzue Udaletik zabaltzen dugun informazioa jasotzeko.

KLIMA ALDAKETAREN AURKA KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO MOZIOA

2019ko irailaren 26an Udalbatzak aho batez onartu zuen mozio hau:

Larrialdi klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizaterako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio-erronka. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzat dagoeneko kezka nagusi bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.

Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak klima-aldaketaren bilakaerari buruzko abisuak eta jakinarazpenak egin ditu. Aldaketa klimatikoa gertatzen ari da berotegi efektuzko gasen isuri masibo baten ondorioz, eta isuri horien jatorri nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak nabaritzen hasiak gara.

Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera okerrera egiten ari den zantzuak ditugu.

Nazioarteko hainbat erakunde eta lantalderen txostenetan gero eta argiago adierazten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakona, iraultza bat, gauzatu behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu, eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, txosten berezi baten bidez, tonua altxatu zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatzeko, eta elektrizitate-, nekazaritza-, garraio- eta industria-sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatzeko.

2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak ohartarazten du egoera larria dela, eta, azpimarratzen du esfortzuak areagotzen ez badira, hondamendira goazela. Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºC-ko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak ez dira nahikoa inondik inora ere.

Hasieran aipatu bezala, zibilizazio-erronka baten aurrean gaude, eta Jaurlaritzaren eragin-esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, partekaturiko esfortzu bat eskatzen du egoera honek. Gure ustetan, karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri behar dugu iparrorratza lehenbailehen, eta, horretarako, ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure gizartean inplikazio askotarikoak eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abarretan;  horregatik, iruditzen zaigu ezinbestekoa dela urrats azkar eta eraginkorrak egitea.

Mozio honen bitartez, argi utzi nahi dugu egoera larria dela, badela garaia larrialdi klimatikoari behar besteko arreta eskaintzeko eta politika publiko guztiek larrialdi klimatiko egoera oso kontuan hartzeko.

Hori horrela,  EH Bilduko Udal taldeak adierazpen hauetan oinarritzen den MOZIOA aurkezten du:

1. Ataungo Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzen du.

2. Ataungo Udalak konpromiso irmoa adierazten du, bere eskumenen baitan, politika eraginkorrak garatzeko, aldaketa klimatikoari aurre egite aldera.

3. ­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­Ataungo Udalak konpromisoa hartzen du Udalaren ardurapeko eraikinak energia berriztagarriz hornitzeko zer urrats egin behar diren aztertzeko, eta posible bada energia berriztagarriz hornitzeko.

4. Ataungo Udalak energia berriztagarriak erabiltzera bultzatuko ditu herritarrak, eta horretarako tailer edo jardunaldiren bat antolatuko du.

5. Ataungo Udalak Bando baten bitartez emango die mozio honen berri herritarrei.

6. Ataungo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari  bideratuko die onartutako mozioa.