Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

ATAUNGO UDALAREN (EH Bildu eta EAJ) ADIERAZPEN INSTITUZIONALA "KATALUNIARI ELKARTASUNA"

Ataungo Udala osatzen duten bi alderdiek (EH Bildu eta EAJ) adierazpen instituzional hau onartu zuten urriaren 17ko  Batzorde Iraunkorrean

1. Ataungo Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2. Ataungo Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Ataungo Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Ataungo Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak; izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean. 

5. Ataungo Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

6. Ataungo Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Ataungo herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.