Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

UEMAko KIDE IZATEA ONARTU DU

Azaroaren 3an egindako udal osoko bilkuran, EH Bildu  eta Herrigintzaren aldeko botoekin, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea onartu du Ataungo Udalak, aho batez. UEMAko ordezkariek abenduan egingo duten Batzar Nagusian onartu beharko dute Ataungo Udalaren eskaera, eta behin eskaera onartuta, UEMAko kide izango da Ataun.

2011ko azterketa soziolinguistikoaren arabera,  azken urteotan, nabarmen  behera egin du euskararen erabilerak Ataunen. Horregatik, beheranzko joerari buelta emateko  eta Euskaraz biziz normalizazioari laguntzeko eta   euskararen arnasgune izaerari eusteko, UEMAko kide izateko erabakia hartu du Udalak

ZAKARRONTZIAK

Udaletxe ondoan jarrita zeuden zakarrontziak, lekuz aldatu dira eta aurrerantzean,  behar duen guztiarentzat, San Martingo INTXAURRONDO eraikinaren atzekaldean, lehen kotxe elektrikoak egoten ziren lekuan egongo dira erabilgarri.

Gutxitu, Sailkatu eta Berziklatu dezagun etxean sortzen dugun baliorik gabeko tresna elektriko eta traste zahar txikiak bertako ontzietan behar den bezala sailkatuz. Ondo ez sailkatzea eta alderantzizko ontzietara botatzeak, ondorio kaltegarriak dakarkigu.   

ONDASUN HIGIEZIN HIRITARREN BALIO KATASTRALEN BERRIKUSPENA

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2001etik berrikusi gabe zeuzkan etxebizitza eta lursailen balio katastralak eguneratzeko erabakia hartu zuen.

 Ekainean zehaztu zituen balio katastral berriak.

 Herritarrok Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan edo kontribuzioan ordaintzen dugun kopurua Aldundiak zehaztutako balio katastral horiei udalek erabakitako tipoa biderkatuta ateratzen da.

 Orain Udalari dagokio tipoa finkatzea.

Udal gobernuaren borondatea herritarrek OHZ edo kontribuzioa oraingo baloreetan ordaintzea jarraitzea da.

Hargatik, orain arte 0,15ean geneukan tipoa mantetzea erabaki dugu.

Herritarren batzuek euro batzuetako igoeraren edo jaitsieraren bat nabarituko duzue ordaindu beharrekoan, Aldundiak etxebizitzen aldaketak egin dituelako; esate baterako, hemendik aurrera bizitza bakarreko etxebizitzek gainerakoek baino kalifikazio altuagoa izango dute.

Balio katastral berriek 2017ko OHZan edo kontribuzioan izango dute eragina.

ATAUNGO IRAKURLE TALDEA

Herriko hainbat literatura irakurzalek Ataungo Irakurle Taldea sortu nahi dute. Zein liburu irakurri elkarrekin adostu, hilean behin elkartu eta liburuak eragindako bizipenak taldean partekatzeko.

 

Hainbat eta hainbat herritan aspaldi martxan daude irakurle taldeak. Goierriko hainbatetan ibiltzen dira, hain zuzen ere, iniziatiba hau hartu duten batzuk. Orain, Ataunen bertan elkartzea nahi dute: eskualdeko beste herriren batera joan-etorrian ibiltzerik ez duten irakurzale guztiei, esperientzia honetaz gozatzeko aukera emanez.

 

Irakurle taldearen berri zehatza jakin, iritziak partekatu eta lehenengo liburua banatzeko, Ataungo irakurzaleek  deitu duten lehen hitzordu honetara, herritar guztiak gonbidatzen zaituzte Udalak,

 

Noiz: urriaren 27an,osteguna, iluntzeko 19:00etan

Non: San Martingo liburutegian

HIRU AUZOETAKO XXXVI. KORRIKALDIA

Datorren urriaren 23an, igandean, Hiru Auzoetako XXXVI. korrikaldia ospatuko da.

 

 Korrikaldiak irteera San Martingo plazan goizeko 11:00etan izango du eta errepidetik San Gregorio pasatuz, Aiara igo ondoren, korrikalariak berriro San Martingo plazara itzuliko dira.

 

 Hori dela eta, ibilgailuek atzeko bidetik ibili beharko dute eta autobusak ere Altzanipe aurrean geldituko dira.

 

 Proba hau dela eta, antolatzaileek egun horretan goizeko 11:00etatik 13:00etara, ahal den neurrian behintzat, korrikaldia pasatzen den lekuetan ibilgailuz ez ibiltzea eskatzen dute.

ALTZARI, TRESNA ELEKTRIKO ETA BALIORIK GABEKO TRASTE ZAHARREN BILKETA

Urriaren 18an, azaroaren 1 eta 15ean eta abenduaren 6 eta 20ean Ataunen altzari, elektragailu eta baliorik gabeko traste zaharren bilketa egingo da. Trasteren bat atera nahi duenak, bezperan eta  iluntzeko 20:00etatik aurrera atera behar du. Gainera aldez aurretik trasteak zein puntutan utzi behar diren adierazteko, “Sasieta Mankomunitatea” enpresaren 943-161555 erantzungailu automatikora deitu behar da edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta elektronikoa erabili.

IDAZKARIAREN HUTSUNEA

Azken urteetan, Ataungo udaleko idazkaria izan den Bittor Agirreurreta,  beste herri batera joan da lanera eta ondorioz, Idazkariaren hutsunearekin aurkitzen gara.

Dagoeneko, Udalaren eta Gipuzkoako  Foru Aldundiaren artean, Idazkari  berria hautatzeko deialdi irekia egina dugu eta ohiko beharrezko prozedura  jarraitu ondoren, ahalik eta azkarren, idazkari berria  gure artean izatea espero dugu.  Bitartean,   astearte eta ostegun arratsaldez  4etatik 7ak arte, Berastegiko Udaleko Idazkaria den Pilar Garmendia,  laguntza emateko prestatu zaigu eta dagoeneko hasita dago Udalean behar dugun laguntza ematen.

UEMA, ATAUNGO AURKEZPEN BILERA ZABALA

“ Zer da UEMA? Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da UEMA.

Euskal Herriko mutur batean zein bestean sakabanatuta egon arren, eta neurriz ere denak berdinak ez izan arren, elkarren artean antzekotasun handiak dituzten herriz osatuta dago: berezko hizkuntzak batzen ditu, Euskarak!. UEMAko udalerrietan, lurgune euskalduneko herriak izaki, biztanleen %70ak baino gehiagok daki euskaraz.

1991. urtean, 17 udalek sortutako mankomunitatea, lurgune euskaldunetako 76 udalerrik osatzen dute gaur egun. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da.

Horrela, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.

Euskarari dagokionez, aitzindari eta bide urratzaile izan da UEMA. Duela 25 urte sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako erantzuten bere herrietako errealitate soziolinguistikoari.

Eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek.

Gaur egungo zuzendaritza batzordean, hainbat alderdi politikotako ordezkariak daude: EH Bildu koaliziokoak, EAJkoak eta independenteak. Elkarlanean aritzen dira, UEMAren helburuak lortzeko bideak urratzen”.

Ataun, Udalerri euskalduna da eta  Udalerri euskaldunek, euskararen normalizazioan eredu izan behar dute. UEMA zer den eta ze helburu dituen zuzenean jakiteko, Zuzendaritzako kideak gure artean izango ditugu.

Herritar guztioi, (dendari, tabernari, enpresa, eskola, elkarte, alderdi, e.a.), URRIAREN 20ean, iluntzeko 7etan Udaletxeko pleno aretoan egingo dugun batzar ireki eta zabalean, parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

Ataundarrok, izan gaitezen euskararen arnasgune eta eredu!! Eta handitu dezagun, guk ere bat eginez,  Udalerri Euskaldunen mankomunitatea!!.

ANTZEZTAUN INGURUKO OHARRA

Inprenta akats bat dago aurreko astean banatutako Hip Hip Urri! liburuxkan: 49. orrialdean iragartzen da urriaren 14an antzerki-emanaldia izango dela ikastetxean 10 urtetik gorakoentzat. Azken datu hori ez dago ondo; izan ere, saioa ikusle guztientzat da, 10 urtetik beherakoentzat ere bai, ez baitago adin mugarik.

Ataungo Udala

ATAUNGO UDALA IDAZKIRI GABE GERATU DA

Irailaren 5ean, Bittor Agirreurreta Murgia, Ataungo Udaleko Idazkari-kontuhartzailea beste herri batean hasi da lanean Ataungo Udala idazkari gabe geratu delarik.

Hori dela eta, Udalak Idazkari lanposturako beste pertsona bat aurkitu bitarteean ezin izango ditu normaltasun osos egin sortzen diren hainbat lan.

Beraz, langile berri bat etorri bezain laster jakinaraziko da.