Ataungo Udalaren INFORMAZIO ZUZENA Whatsappez bidez jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:
1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN 616 758 758 telefono-zenbakia.
2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT” 616 758 758 Telefonora.
Ataungo Udala osatzen duten bi alderdiek (EH Bildu eta EAJ) adierazpen instituzional hau onartu zuten urriaren 17ko Batzorde Iraunkorrean
1. Ataungo Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
2. Ataungo Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
3. Ataungo Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
4. Ataungo Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak; izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
5. Ataungo Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.
6. Ataungo Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Ataungo herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.
ZABORRA ONDO BOTATZEA DENON BETEBEHARRA DA
Aurreko bandoetan azaldu dugu oso kezkatuta gaudela herritar batzuek zaborra botatzean erakusten duten jokabidearekin: ez dute bereizten, eta askotan kanpoan uzten dute, edukiontzira sartu gabe. Azken asteotan zabor-poltsak lurrean utzi dituzten bi lagun identifikatu ditugu herritarrek emandako informazioari esker. Abisu bana jaso dute, eta hurrengoan isuna jarriko zaie.
Ez da gure nahia inori isunak jartzea eta polizia-lana egiten ibiltzea, baina badirudi ez dagoela beste biderik herritar gehienok ondo betetzen dugun betebehar hau guztiok ondo bete dezagun.
Saia gaitezen ahalik eta zabor gutxien sortzen, eta sortzen dugun hori bota dezagun ondo!
BATZORDEAK HASI DIRA LANEAN
Irailean amaitu zen batzordeetan edo lantaldeetan izena emateko epea, eta dagoeneko hasita daude lanean. Gehienek datorren astean egingo dituzte bilerak. Beraz, izena emanda bazaude, jasoko duzu bilerarako deia; eta, izena eman gabe baina parte hartzeko asmotan zaudetenok eman izena lehenbailehen.
UDALAREN INFORMAZIOA WATSAPP BIDEZ JASOTZEKO AUKERA
Udalak martxan du Whatsapp zerbitzua herriko berriak eta oharrak zabaltzeko. Udalak kudeatuko du, eta informazioa jasotzeko bakarrik erabiliko da. Zuen telefono mugikorrean Ataungo Udalaren mezuak jaso nahi badituzue, idatzi mezua E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera izen-abizenak eta telefono-zenbakia emateko. Horrez gain, interesa duzuenok gorde zuen telefono mugikorreko kontaktuetan 616758758 telefono-zenbakia, bestela ez baitituzue mezuak jasoko.
INDARKERIAREN KORAPILOA ASKATZEN
Datorren asteazkenean, urriak 23, 19:00etan izango da “Indarkeriaren korapiloa askatzen tailerra”, Oargin. Gogorarazi nahi dugu oso garrantzitsua dela ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Tailerra mistoa izango zela erabaki genuen, gizonezkoen ekarpenak ere oso interesgarriak izango direlako, eta indarkeria bistaratzea guztion erantzukizuna delako. Animatu eta parte hartu!
URRIAREN 27AN KORRIKALDIA
Datorren igandean (urriak 27) izango da Hiru Auzoetako 39. Korrikaldia, Mantzaren Oroimenezkoa. Hori dela eta, errepidean bide bakarra egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara. Ondorioz, trafikoa moleago ibiliko da, eta autobusak ere gutxiago ibiliko dira. Beraz, mesedez, eskatzen dizuegu ahal baduzue tarte horretan autorik ez hartzeko, eta hartu behar baduzue, pazientziaz jokatzeko.
EGUNEKO ARRETA ZERBITZUA MARTXAN
Azaroaren 4an jarriko dugu martxan eguneko arreta zerbitzua. Oraingoz, astean bi egunetan izango da, astelehen eta ostegunetan, Atseden Tokin, 10:30etik 13:00etara. Lau lagunek eman dute izena, eta oraindik badago talde horretan sartzeko lekua. Nahiz izanez gero, jarri harremanetan gizarte langilearekin edo deitu zuzenean Udaletxera.
HAUTESKUNDE OROKORRETAN PUBLIZITATERIK EZ JASOTZEKO AUKERA
Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeak izango ditugu berriro azaroaren 10ean. Azken hauteskunde orokorretan alderdi politikoek publizitatean zer-nolako dirutza gastatu zuten ikusita (140 milioi euro), eta propagandarik etxean ez jasotzeko eskubidea daukagunez, hori gauzatzeko aukera eman nahi dizuegu.
Hortaz, etxean ez baduzu inolako hauteskunde-propagandarik jaso nahi, Udaletxean inprimaki bat bete eta sinatu behar duzu. Horretako azken eguna: urriak 7.
Udalak INEra bidaliko du sinatutako inprimakia, eta zure izena ezabatuko dute alderdi politikoei propaganda egiteko bidaltzen zaizkien erroldetatik.
Eskubide hau gauzatzeak ez du bestelako ondoriorik izango; hautesle- mahaietan egoten diren boto-paperak hartu eta berdin-berdin bozkatu ahal izango da.
LIBURUTEGIA BERRIRO ZABALIK
Liburutegia zabalik daukagu berriro. Lokala itxita egon den bitartean zerbitzuak etenik izan ez badu ere, aurrerantzean lokala zabalik izango da, eta oraingoz ohiko ordutegiarekin jarraituko dugu:
astelehenetik ostiralera, 17:00-19:00
BANDOAK POSTA ELEKTRONIKOZ JASO NAHI?
Udalak plazaratzen dituen bandoak eta gainerako informazioa posta elektroniko bidez jaso nahi badituzu, bidali mezu bat helbide honetara: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.
Horrez gain, sare sozialak ere baliatu nahi ditugu (Instagram: Ataungo_Udala eta Twitter: @Ataungo_Udala) eta laster whatsapp bidez ere aukera izango duzue Udaletik zabaltzen dugun informazioa jasotzeko.
KLIMA ALDAKETAREN AURKA KONPROMISO ZEHATZAK HARTZEKO MOZIOA
2019ko irailaren 26an Udalbatzak aho batez onartu zuen mozio hau:
Larrialdi klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri da, gure ongizaterako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio-erronka. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera eta joerak ez du baikortasunerako tarte handiegirik uzten, are gutxiago geldotasunerako. Gazteentzat dagoeneko kezka nagusi bihurtu da, ez bakarrik larrialdia, baita gaiari ematen zaion erantzun politiko eskasa ere.
Azken urte luzeetan komunitate zientifikoak klima-aldaketaren bilakaerari buruzko abisuak eta jakinarazpenak egin ditu. Aldaketa klimatikoa gertatzen ari da berotegi efektuzko gasen isuri masibo baten ondorioz, eta isuri horien jatorri nagusia, bakarra ez bada ere, gure metabolismo sozioekonomikoa mantentzeko erretzen ditugun baliabide fosilen erabilpenean datza. Aldaketa klimatikoa, beraz, guk eragiten dugu nagusiki, eta dagoeneko ondorioak nabaritzen hasiak gara.
Urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera okerrera egiten ari den zantzuak ditugu.
Nazioarteko hainbat erakunde eta lantalderen txostenetan gero eta argiago adierazten da klima eta energia politiketan, eta ondorioz gure egunerokotasunean, eraldaketa sakona, iraultza bat, gauzatu behar dela, baldin eta egoerari aurre egin nahi badiogu, eta aldaketa klimatikoaren efektu bortitzenak pairatu nahi ez baditugu. 2018ko urrian, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, txosten berezi baten bidez, tonua altxatu zuen indarrean dauden politikek behar besteko anbiziorik ez dutela salatzeko, eta elektrizitate-, nekazaritza-, garraio- eta industria-sektoreetan aurrekaririk gabeko aldaketak eskatzeko.
2018ko azaroan, Nazio Batuen Ingurumen Panelak aditzera emandako txostenak ohartarazten du egoera larria dela, eta, azpimarratzen du esfortzuak areagotzen ez badira, hondamendira goazela. Gaia bere osotasunean ikusirik, argi dago ataka batean gaudela eta orain arte proposatu eta egindakoa berraztertu beharrean gaudela. Ahal dela, eta industria iraultza aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,5ºC-ko tenperatura igoera ez gainditzea helburutzat zuen 2015eko Parisko Akordioa betetzeko, orain arte emandako pausoak ez dira nahikoa inondik inora ere.
Hasieran aipatu bezala, zibilizazio-erronka baten aurrean gaude, eta Jaurlaritzaren eragin-esparru eta ahalmenak gainditzen dituen lanak baditugu ere, partekaturiko esfortzu bat eskatzen du egoera honek. Gure ustetan, karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri baterantz begira jarri behar dugu iparrorratza lehenbailehen, eta, horretarako, ezinbestekoa da eraldaketa azkar eta eraginkorrak egitea. Prozesu honek gure gizartean inplikazio askotarikoak eta sakonak ekarriko ditu, bai ehun produktiboan, bai mugikortasunean, bai lurralde antolamenduan eta abarretan; horregatik, iruditzen zaigu ezinbestekoa dela urrats azkar eta eraginkorrak egitea.
Mozio honen bitartez, argi utzi nahi dugu egoera larria dela, badela garaia larrialdi klimatikoari behar besteko arreta eskaintzeko eta politika publiko guztiek larrialdi klimatiko egoera oso kontuan hartzeko.
Hori horrela, EH Bilduko Udal taldeak adierazpen hauetan oinarritzen den MOZIOA aurkezten du:
1. Ataungo Udalak larrialdi klimatiko egoera deklaratzen du.
2. Ataungo Udalak konpromiso irmoa adierazten du, bere eskumenen baitan, politika eraginkorrak garatzeko, aldaketa klimatikoari aurre egite aldera.
3. Ataungo Udalak konpromisoa hartzen du Udalaren ardurapeko eraikinak energia berriztagarriz hornitzeko zer urrats egin behar diren aztertzeko, eta posible bada energia berriztagarriz hornitzeko.
4. Ataungo Udalak energia berriztagarriak erabiltzera bultzatuko ditu herritarrak, eta horretarako tailer edo jardunaldiren bat antolatuko du.
5. Ataungo Udalak Bando baten bitartez emango die mozio honen berri herritarrei.
6. Ataungo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako trantsizio ekologikorako ministerioari bideratuko die onartutako mozioa.
Urriaren 6an, 9:00etatik 10:00etara egongo da Ataungo hamabosgarren Argazki Rallyan izena emateko aukera udaletxean.
YOGA – PILATES eta HIPOPRESIBOAK –
ZUNBA IKASTAROAK
Ataungo Udalak ikastaro hauek antolatu ditu ikasturte honetarako:
YOGA :
Urriak 7- Ekainak 15.
Eguna : Astelehena.
Ordua : 18:00 – 19:30 / 19:30 – 21:00
Tokia: San Martinen, ikastaro gelan
Prezioa : 220 €
PILATES eta HIPOPRESIBOAK :
Urriaren 8tik ekainaren 16ra.
Orduak tokiak eta lekuak:
Pilates eta hipopresiboak, ikastaro gelan, asteartea, 09:15-10:45
Pilates eta hipopresiboak, ikastaro gelan, asteartea,
17:30 – 19:00 / 19:00 – 20:30
Pilates eta hipopresiboak, San Gregorion, osteguna, 09:30-11:00
Prezioa : 220 €
ZUNBA: GAZTEENTZAT ETA HELDUENTZAT
Urriaren 10etik ekainaren ekainaren 18ra.
Lekua: Ikastaro gelan.
Osteguna: 17:00-18:00 (12-16 URTEKOENTZAT)
Osteguna:18:00-19:00 (17 URTETIK GORAKOENTZAT)
Prezioa : 200 €
Ikastaro hauek martxan jartzeko, talde bakoitzean gutxienez 8 lagun beharko dira eta gehienez 14.
Izen-ematea: Ataungo Udala : 943180011. Irailaren 12tik 25era.
Izena ematean, adierazi, mesedez, dena batera (220/200) edo bi zatitan (110+110/100+100) ordaindu nahi duzun. Bi zatitan ordaintzea erabakitzen baduzu, eta ikastaroa amaitu baino lehen utziko bazenu, bi zatiak ordaindu beharko zenituzke.
BERDINTASUN BATZORDEAREN BILERA
Berdintasun Batzordeak bilera egingo du, irailaren 10ean, 19:30ean, Udaletxean. Parte hartu nahi duzuen guztiok gonbidatuta zaudete.
HERRI ANTZOKIKO ETA GAZTELEKUKO DINAMIZATZAILEA KONTRATATZEA
Pertsona bat kontratatu behar dugu egun erdiz, herri antzokiko eginkizunak (filmen aukeraketa eta proiekzioa, komunikazioa, kultur ekintzen antolaketa…) eta Gaztelekuko dinamizazioa gauzatzeko.
Interesatuta zaudetenok, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan eman beharko duzue izena, irailaren 20a baino lehen.
Han emango dizkizuete xehetasun guztiak (betebeharrak, ordutegia, soldata…).
EUSKARA IKASTAROAK
Euskara ikasteko edo hobetzeko laguntza emango du Udalak ikasturte honetan ere. Ikastaroren bat egin nahi baduzu, eman izena udaletxean, IRAILAREN 12tik 25era.
Taldea osatzen bada, Ataunen bertan emango dira klaseak, eta, bestela, inguruko euskaltegiren batera joan beharko da.
Dirulaguntza jasotzeko, hiru baldintza hauek bete beharko dira:
- Ataunen erroldatuta egon.
- Klaseetan % 80ko asistentzia.
- Azpimaila bat gainditu.
Animatu eta parte hartu!
IGERILEKUETAKO AGIRIAK AURKEZTEKO EPEAK
Irailaren 23tik 27ra bitartean aurkeztu beharko dira Lazkaoko eta Etxarri- Aranazko igerilekuetako ordainagiriak (edo urte osoko kuotaren agiria) udaletxean, %20ko dirulaguntza jaso ahal izateko. Horretarako, ordainagiriekin batera, bakoitzaren kontu korronte zenbakia ekarri beharko da.
LIBURUTEGIA TXUKUNTZEN
Liburutegian ematen den zerbitzua hobetzeko, hainbat lan egin behar dira, eta iraila baliatu nahi dugu horretarako. Beraz, lan horiek bukatu bitartean, liburutegia itxita egongo da.
EGUNEKO ZENTROA
Eguneko zentroa martxan jartzeko lanean ari gara. Egunak eta orduak erabiltzaileekin adostuko ditugu, eta zenbateko bat ordaindu beharko dute erabiltzaileek. Interesaturik bazaude, jarri harremanetan gure gizarte laguntzailearekin (Miren), edo deitu udaletxera (943180011), irailaren 17a baino lehen.
BATZORDEETAN PARTE HARTZEKO IZEN-EMATEA
Ari gara batzordeak osatzen. Gogoratu, parte hartu nahi baduzu, udal bulegoetan eman behar duzula izena (943180011; E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ). Izen-abizenez gain, adierazi zein batzordetan parte hartu nahi duzun, eta eman zure telefonoa eta posta elektronikoa. IRAILAREN 15a izango da azken eguna.
BASOGINTZARI BURUZKO HITZALDIA
“Egungo basogintza politikaren analisia eta etorkizunerako arauak; baina non daude gure basoak?”
Eguna: irailak 12
Ordua: 19:00ak
Lekua: Udaletxeko ganbara
Hizlaria: Urtzi Goiti Ugarte (Biologian lizentziaduna eta doktorea)
Antolatzailea: Otsotarrak Elkartea
Laguntzaileak: Ataungo Udala, Goierriko Baratza, Biolur
Hemen duzue Antzeztaun 2019ko egitaraua.
Urriaren 4tik hasita 20ra bitartean, 6 ikuskizunez osatutako egitaraua dakarkigu aurtengoan zikloak.
Zuen gustukoak izango direlakoan,
gorde egunak agendan eta gora antzerkia!
GARBITZAILE BAT KONTRATATZEA
Ataungo kiroldegiaren garbiketa-lanez enpresa bat arduratu izan da orain arte. Udalak erabaki du langilea zuzenean kontratatzea aurrerantzean.
Lan honetan interesatuta zaudetenok Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan eman beharko duzue izena, uztailaren 22tik abuztuaren 16ra (biak barne).
Langilearen betebeharrei eta lan-baldintzei buruzko informazioa (lansaioa, ordutegia, soldata…), Lanbiden emango dizuete.
2019ko irailaren 2an hasiko da lanean.
ENTZUMEN-PROBAK
Entzumena galtzearekin lotura duten zailtasunak eta sintomak antzemateko, test bat egiteko aukera eman digu AUDIOTECHNO enpresak. Bost bat minutu irauten duen proba da, eta dohainik egiten dute.
EGUNA: uztailak 30, asteartea
ORDUA:10:30-13:30
LEKUA: Atsedentoki
San Gregorio auzoan irailean egiteko konpromisoa hartu du enpresak.
BASERRI-BIDEAK GARBITZEN
Urtero garbitzen dira baserri-bideak, eta datorren astean ekingo dio lan horri Oiartzungo Berdabio Basogintza enpresak. Guztira 32,5 km dira, eta pare bat aste beharko ditu lana burutzeko. Inguruan tokatzen bazaizue, izan pazientzia pixka bat, mesedez.
ORGANO BARROKOAREN JAIALDIA
Ataungo organo barrokoaren nazioarteko XIII. jaialdiak bi hitzordu ekarri dizkigu aurten ere: uztailaren 20a eta abuztuaren 4a. Aukera paregabea daukagu organo zaharraren soinuaz eta puntako musikari nahiz abeslariez gozatzeko. Bi kontzertuak San Martingo elizan izango dira, eta hauxe da egitaraua:
Uztailak 20, arratsaldeko 6etan:
Ana Belen Garcia- organo-jotzailea
Mixel Ducau- ahotsa, gitarra, ttunttuna eta alboka
Thierry Biscary- ahotsa eta perkusioa
Eate abesbatza
Abuztuak 4, arratsaldeko 6etan:
Andres Cea- organo-jotzailea