Bidean zehar, Barandiaran Museoa, Errotatxo zerrategi eta errota zaharra, Sara etxea (Barandiaranen bizilekua ), Perune-zaharra baserria ( Barandiaranen sortetxea ) ikusiko dituzte eta Jentilek egin omen zuten San Martin Elizaren aurrean amaituko dute ibilaldia. «Garai bateko istorioak eta ipuin miresgarriak ikusi eta entzungo ditugu bertatik bertara», azpimarratzen dute.

Bost antzespen egingo dira leku desberdinetan: euria egiteko errogatiben inguruko antzerkia; Barandiaranek judutar bati nazietatik aldegiten lagundu zioneko pasartea; Lamiak eta sorginak nahastuta dabiltzena; Agerreko urrezko ohe gainekoarena...

Eta euskal mitologiako pertsonaiak agertuko dira bidean zehar: Lamiak errekan ilea orrazten; Jentil erraldoiak menditik behera; Basajaun eta Samartin Txiki; Mateo Txistu apaiz-ehiztaria; Marimunduko eta sorginak; eta ustekabean agertuko diren beste izaki harrigarriak.

Ataungo San Gregorio auzotik abiatuko dira parte-hartzaileak eta Agauntza errekaren soinua entzunez, ondo-ondoan dagoen herribide-zaharrean egingo dute ibilaldia.

Leku berezi honetan jaio eta bizi izan zen Joxemiel Barandiaran eta inguru horretan gertatu ziren Barandiaranek entzun eta jaso zituen ipuin eta leienda asko eta asko.

Ibilaldia egun-argitan hasiko dute baina ibilaldi erdi-aldera erabat ilunduko du eta gauez egingo dute azken zatia. «Horrek handitu egingo du misterioz eta beldurrez betetako mundu ezezagunaren indarra».

Bi txanda

«Etortzen den jendetza eta ibilbidea estua dela kontutan hartuz, bi txandatan antolatu daiteke jende kopuruaren arabera», azpimarra-tzen dute.

Informazio gehiago Jentilenetorrera.com helbidean aurki daiteke.